Oreretako madalenak

 

gallery/web orereta berritua

Partekatu

gallery/oaingozhau logo beltza
gallery/oaingozhau logo beltza

Txupinazoa

Kuadrilen eguneko eta madalenetako  Dekalogoa

OAINGOZHAU-REN OINARRIZKO BALIOAK

 

Festak gertaera garrantzitsuak izan ohi dira herritar gehienontzat: ongi pasatzeko tartea, gure egunerokotasunetik atera eta inguruarekin sozializatzeko aukera paregabea, baita harreman berriak sortzeko edota zaharragoak eguneratzeko ere. Festetan, arteak, musikak, dantzak eta ondo pasatzeak garrantzia hartzen dute, eta desinhibitzeko aukera paregabea irekitzen zaigu denoi.

 

Festak, ordea, egungo jendarte- eta kultura-ereduaren adierazpen ere badira, eduki sinboliko handikoak, errealitatearen adierazleak. Jaiek lotu egiten dute norbanakoa kolektiboarekin; afektibitatez betetako gertakariak dira, esangura pertsonal, familiar eta sozialak dituztenak. Horrenbestez, ezinbestean, jaiek eta errituek erreproduzitu egiten dute ordena soziala: elikatu egiten dituzte egungo hierarkiak, botere-harremanak, diskriminazioak, generoaren araberako rol-banaketa, emakumezkoen eta gizonezkoen irudi idealizatu eta estereotipatuak... Horregatik, gure ustez, garrantzitsua da kritikoa eta errebeldea izango den ikuspegia izatea jaietan ere, bai jaiak berak antolatzean, bai jaiak bizitzean: egiturazko zapalkuntzei aurre egingo dien jai-eredua sustatuko duen ikuspegia.

 

HORRENBESTEZ:

           ·Ez dugu jarrera sexista, arrazista edota homofoborik onartuko. Halakorik ikusiz gero, arduradunari komunikatuko diogu, beharrezkoak diren neurriak hartuz protokoloak aktibatzeko.

           ·Lanean ari garen pertsona guztiok eskubide eta betebehar berak ditugu. Ez ditugu onartuko botere-harremanetan oinarrituriko jarrera paternalista, nagusikeriakoak edota hierarkikoak; hau da, adina, sexua, arraza edota bizi-esperientzia ez dira boterea edo nagusitasuna ematen dituzten faktoreak.

           ·Langileon arteko zaintza ezinbestekoa izango da. Guztion esku dago pertsona ororen ongizatea eta gunearen giro alaia eta parte-hartzailea bermatzea. Argi izan behar dugu festak gozatzeko zein lanerako espazioak direla, giro berezi honetan sortzen diren dinamika intentsu eta frenetikoetan jarrera oldarkor, ezegoki eta bortitzak ekiditea ezinbestekoa izango da. Horretarako, norberak bere buruarengan hartu behar du giro atsegin eta osasuntsua sustatzeko jarrerak landu eta garatzea.

           - Genero-rolei dagokienez: tamalez, oraindik ere genero-rolen araberako oso banaketa argia egoten da herriko jaietarako egin beharreko lanen artean: indarrarekin eta ezagutza teknikoekin lotutako lanetan gizonezkoak ikusi ohi ditugu (elektrizitatea, iturgintza, etab.), eta emakumezkoak bestelako lan ikusezinetan ari ohi dira (zaintza, antolaketa...). Gure konpromisoa da saiatuko garela generoaren araberako banaketa hori iraultzen: emakumezkoak eta gizonezkoak animatu eta bultzatuko ditugu beren generoari lotuta egon ohi ez diren lanak egin ditzaten, emakumeei ikusgarritasuna emango diegu muntatze-lanetan eta jaietan oro har, eta gure ezagutzak partekatu egingo ditugu hurkoarekin denok izan ditzagun gutxieneko ezagutzak jaiak aurrera ateratzeko

            - Hizkuntzen erabileraren inguruan: geure burua gune euskaldun gisa definitzen dugu, gune euskaldun eta burujabea. Errealitate sozialean, berriz, euskararen eta euskaldunon kontrako inertzia sozialak dira nagusi. Horrenbestez, geure jokaeraren bidez, euskararen arnasgune izango da gure jaieremua: euskaraz izango dira txandetako lehen, bigarren eta hirugarren hitza; egitarauan lehentasuna emango diogu euskaraz lan egiten duten taldeei eta artistei; gure lan-hizkuntza nagusia euskara izango da; eta gurekin lan egiten duten hornitzaileei ere eskatuko diegu euskaldunon hizkuntza-eskubideak errespetatzen duen jokamoldea izan dezatela.

            - Gure kontsumo-ereduaren inguruan: bizi dugun sistema ekonomiko honetan, produkzio kapitalistak etekin ekonomikoa ateratzea baino ez du oinarri eta helburu, kosta ahala kosta, eta alde batera utzita pertsonak, balioak edota ingurumena. Horren guztiaren ondorioz, ez da balioztatzen pertsonon lana eta kondenatu egin nahi gaituzte baldintza ezin prekarioagoetan lan egitera, bultzatu egiten dituzte komunitatea osatzeko balio duten balio duten balioen aurkako jarrerak, eta lurrarekiko politika txikitzaileak eramaten dituzte aurrera. Gure guneetan, lanaren etekin soziala goraipatu nahi dugu: gure lana da herriari askotariko zerbitzua ematea, herri-kohesioa bultzatuko duena eta Ama Lurrarekiko errespetuz jokatuko duena. Hori dela eta, gure guneetan eskainiko ditugun produktuak izango dira, ahal den neurrian eta progresiboki, ekonomia sozial eta eraldatzailearen bidez ekoitzitakoak, lurrarekiko errespetuz, eta Km 0 filosofiari jarraitzen diotenak. Ahal den neurrian eta progresiboki, uko egingo diogu transnazionalen produktuak kontsumitzeari, gure balioen aurkakoak baitira.

             - Nola kudeatuko ditugun hondakinak: Jaietan sortzen diren hondakin masiboaz jakitun, norberak kudeatu behar du hondakinen erabilera. Beraz, OaingozHau-ren eremuan ahal den guztia berrerabiliko dugu, ezinbestekoa dena baino ez dugu erabiliko, eta berrerabil ezin dena sailkatuta botako dugu dagokion edukiontzira.

             - Herri-mugimenduen aldarrikapenak nola agerrarazi geure eremuetan: OaingozHau mugimendua eragile irekia da, eta herritar guztiok aukera daukate beren nahiak eta aldarrikapenak bertan plazaratzeko. Horren ondorioz, saiatuko gara geure guneen dekorazioan ahalik eta sentsibilitate eta gai sozial eta politiko gehien agerrarazten.